Azken urteotan, lagunartean behin baino gehiagotan aipatu izan dugu euskal zinemak azkenaldian eman dituen film esanguratsuenek zer-nolako harremana duten tarotaren Arkano Nagusiek islatzen dituzten arketipoekin. Amama (Asier Altuna, 2015) filmak bereziki merezi du azterketa sakona, ia guztia delako Arkano Nagusien isla argia: baserria (Dorrea), Amparo Badiola – Amama (Bereterresa), Kandido Uranga – Tomas (Aita Santua), Iraia Elias – Amaia (Kaiser andrea), Ander Lipus – Xabi (Eroa), eta abar. Blog honetara Arkano Nagusi bakoitzaren nondik norakoak ekarri izan ditugunean ere behin baino gehiagotan aipatu izan dugu Amama filma, arkano horiekin lotura estua duten filmak nabarmentzerakoan.
Oraingoan, berriz heldu nahi diogu gaiari, Donostiako Zinemaldian egunotan estreinatu den Margolaria filmak ere Arkano Nagusiekin eta arketipoekin duen lotura estuagatik. Zehazki, Aberastasunaren Gurpila arkanoarekin edo kartarekin.
[Aberastasun Gurpila, Marseillako Tarotaren arabera.
ES: La Rueda de la Fortuna, FR: La Roue de Fortune, ENG: Wheel of Fortune].
Aurrera egin aurretik, komeni da gogoratzea Aberastasun Gurpila arkanoaren esanahiaren inguruan bere garaian idatzi genuena:
“Karta honek biraka dabilen gurpila erakusten du. Eskuinaldean, gorantz doan untxi batekin, eta ezkerraldean, beherantz doan tximinoarekin. Hasieratik eta bukaerarik gabeko ibilidea erakusten du. Eternitatea. Dena da ziklikoa. Zerbait bukatzen denean, berriro hasten da. Zerbait hasten denean, noizbait bukatzeko hasten da. Eraldaketaren sinboloa da karta hau.
Bertan ageri den tximinoak eskuak lotuta ditu, eta gertakariek eta bizitzaren emariak ia oharkabean daraman norbait islatzen du. Baita erabaki inkontzienteak ere. Untxia, aldiz, zuhur doa gurpilean gora, egin beharreko bidearen oso kontziente. Eskuinaldean, biradera edo manibela modukoa ere ageri da, erdi ezkutuan. Ez dio inork eragiten, baina azken batean destinuaren hariak mugitzen dituena eta gurpila bueltaka jartzen duena biradera hori da. Unibertsoa, energia sortzailea, guztiaren atzean dagoen indar ezkutua.
Gurpilaren azpian, berriz, goldatutako lurra ageri da. Bakoitzak bere etorkizuna erein eta landatuz gero, uzta loratuko dela adierazi nahian.
Bizitza ziklikoa da, eta bizitzan zehar eskura ditugunak ere ziklikoak dira: osasuna, ametsak, senideak, lagunak, pasioak… Eguzkia ageri da batzuetan, baina euria dator gero. Gaua. Eguna. Joan. Etorri. Bueltaka dabil dena. Izarren hautsaren baitan. Askotan orekan ohitzen gara, eta erosotasun eremuak sortzen ditugu. Mugimendua arriskutsuagoa da, baina mugimendua da. Gurpila geldirik dagoela ere sentitzen dugu batzuetan. Horrelakoetan, nahikoa da mugituko dela sinestea, eta mugitu dadin ahalegintzea, berriro ere abian jartzeko. Berriro abian hastean, ordea, ez gara lehengoak. Gelditzen garen bakoitzean zerbait ikasten dugu. Erortzea ikastea ere bada. Gurpila gelditu duten harriak ezagutzea. Bidean ageri diren oztopoen kontzientzia hartzea. Aurrera egiteko gogoari eta ausardiari bidea zabaltzea. Aurrera egiteko, askotan, barrura begiratzea ere ezinbestekoa izaten da. Bizitzaren zikloak ulertzea. Horiei buruz hausnartzea. Zein fasetan gauden ohartzea. Nora goazen galdetzea.
Beti ere, gurpilak aurrera egingo du, eta biraka ari den gurpilaren kontzientzia hartzea izango da orekari eusteko modurik onena, gaur goian dagoena bihar behean egon daitekeela jakinda. Baita alderantziz ere: gaur behean dagoena, bihar goian egon daiteke.
Karta pertsonalari dagokionez, erortzean berriro jaikiz bidea egiten dutenak islatzen ditu karta honek. Bizitzaren gorabeherei aurre egiteko gaitasuna dutenak. Malko haiei esker orain itsasoa garela ulertzen dutenak”.
Bada, Oier Aranzabal zuzendariak hasieratik nabarmendu du Margolaria filmaren asmoa gurpilaren ibilbide osoa bere horretan erakustea dela, horretarako Mikel Urdangarin musikaria oinarri hartuta. “Grabatzeko prozesu horretan, atentzioa eman zidan nola Mikel bakarrik bizi den, eta, Arriagan bertan jende mordo baten aurrean jo eta gero, adibidez, nola iristen den gaueko ordu txikitan etxera, eta orduko bakardadearen kontrastea. Mikel horrek denbora asko pasatzen du bakarrik; haren bizimoldeak baditu alde ilunak edo ez hain ederrak ere. Segituan ikusi nuen horrek zer potentzial izan zezakeen, eta horregatik erabaki genuen dokumentala momentu horrekin hastea. Gainera, momentu hori da ideia berriak sortzen diren unea ere. Kontatu nahi genuen oholtzaren gainekoa, baina ez genuen nahi oholtza gainekoa izatea dena. Oholtzaren gainekoa une puntual bat da, oso une ona artistarentzako, baina oso laburra, era berean” dio zuzendariak, estreinaldiaren egun berean Berria egunkarian argitaratutako elkarrizketan.
Dokumentalaren lehen minutuek ere ibilbidearen gorabehera horiek islatzen dituzte, hasieratik. Mikel Urdangarinen kontzertu baten amaierako irudiekin hasten da filma, jendetzaren txalo zaparrada artean. Goian. Beteta. Berehala, ordea, Urdangarin etxera heltzen da, gauez, bakarrik, isiltasunera. Gurpilaren beste aldea ageri da. Behean. Hustuta.
Isiltasun horri eta antzeko momentuei arreta berezia eskaintzen die filmak. Beste kontzertu batea amaieran, Mikel Urdangarin kamerinoan ispiluaren aurrean bakarrik, eserita eta isilpean ageri den sekuentziak ere egoera hori islatzen du.
Filmaren 80. minutuan, berriz, Alain Urrutia margolaria eta Mikel Urdangarin Londresen ageri dira, bertako norian. Alain Urrutiak monomitoaz hitz egiten dio lagunari. Aberastasun Gurpilak islatzen duen arketipoa azaltzeko, Joseph Campell antropologo estatubatuarrak sortutako hitza da monomitoa. Mitoak heroiaren mila aurpegiez hitz egiten du, bidaiaz, goranzko eta beheranzko ibilbideaz, goian egon ondoren behera jaisteaz, betetzeaz eta husteaz, eta Aranzabalen filmean hori guztia azaltzen dio Urrutiak Urdangarini, Londresko norian bertan.
[Margolaria filmeko bi fotograma. Iturria: Maluta Films].
Monomitoa heroiaren bidaia deitutakoa dela azaltzen dio Urrutiak Urdangarini. Etxetik atera ondoren, bidaiaren ostean, nola aldatzen den bidaiaria, eta nola itzultzen den beste pertsona bat bilakatuta. “Orain goian gaude, baina jaisten garenean ezberdinak izango gara”. Sortzaileei kontzertuekin eta erakusketekin antzekoa gertatzen zaiela aipatzen du Urrutiak: kontzertu, bira, erakusketa edo lan bakoitzaren ondoren, gailurrera iritsi ondoren, hustu egiten direla, eta berriro behera jaistean pertsona ezberdinak direla. Ia filmaren hasieran, bidaia iniziatikoa esamoldea ere erabiltzen du Alain Urrutiak, lagunari furgoneta hartzeko eta Londresera joatera gonbidatzeko.
Literaturan, musikan eta zineman hainbat aldiz jorratu izan dira monomitoaren eta bidaia iniziatikoen ingurukoak: Paulo Coelhoren Alkimista, Jon Benitoren Bulkada (noizbait loratu ondoren, hostoak sustraietara itzultzen dira beti), Jose Luis Peralesen Un velero llamado libertad edo Federico Felliniren Otto e mezzo. 8 1/2, apur batzuk aipatzearren. Euskaraz, badira hainbat adibide, baina Joseba Sarrionandiaren Talaieroaren gogoetak da beharbada ezagunena, “eta inoiz itzuliko balira ere jadanik ez dira joan zirenak izango” esaldiarekin amaitzen dena (eta Ken Zazpi musika taldeak abesti ere bihurtu zuena).
Aberastasun Gurpilaren arketipoa, monomitoa kontzeptuak ere ia bere horretan biltzen duena, maisuki azaltzen duen filma da Margolaria. Mikel Urdangarin musikariaren bidaia baten arrastoan, erabat unibertsalak diren kezkak eta jokamoldeak erakusten ditu Oier Aranzabalek. Dokumentalean barrena, Mikel Urdangarin beste arketipo batzuen irudia ere bada: Eroa (bidaiari pasioz ekiten diona, ausardia), Aztia (intuizioa, sena, lana, jakintza) edo Ermitaua (bakardadea, isiltasuna, esperientzia, barneko argia), baina filma, bere osotasunean, Aberastasun Gurpilari eta monomitoari buruzko lana da. Lan ederra, erakusten duenagatik eta darion mimo eta samurtasun guztiagatik gure mugetatik kanpo ere bidaia luzea egin dezakeena.